XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Emakumeon Liberazioa, hori esan dut! Gaur egun ez dago lehengo konturik.

Gizon eta emakumeok berdinak gara; ez daude arau batzuk horientzat, eta beste batzuk ezberdinak guretzat.

- O! Agian horrela izango da, bai erantzun zion amak; baina berdintasunak ez du larunbatetan sagar-pastela labean erreko... ezta pastel hori epel gordeko ere oraintxe bertan ez bada mahaira eramaten. Beraz, bizkor!.

Gerryri bira erdia eman eta atzetik bultzadatxo bat egin zion amak sukaldetik jangelarantz bideratzeko, berak ere atzetik jarraitu ziolarik.

- Ondo, mutilak?- galdetu zien Jones andreak, oso ona zegoela eta, postrea berehala desagertzen ari zen bitartean.

- Ba al dago gehiago, ama?- galdetu zion berehala Samek, semerik gazteenak, pastela amaitu eta ezpainak igurtziz.

Gerry baino urte bete zaharragoa zen Sam baina bikiak ematen zuten.

Biek zituzten kobre koloreko ile arina, ezohizko begi urdin-ilunak eta gorpuzkera luze malgua.

- Beste bi pusketa geratzen dira - esan zion Mary Jonesek semeari, plater hutsa hartzeko besoa luzatuz; baina Samek gerarazi egin zuen eta bera altxatu zen.

- Ederki, ama, neuk hartuko dut - esan zion, eta gero mahaiko besteei begiratu zien.

Beste inork nahi al du gehiago?.

Lehenengo Mikeri begiratu zion eta honek ezezkoa egin zion; gero bere anaiei, Jeremy eta Bobbyri, eta azkenik aitari.

Jeremyk eta Bobbyk bakarrik zuten leku pixka bat sabelean gehiago sartzeko.

Anaiek luzatu zizkioten platerak hartu zituen Samek.